ADIERAZPENA

Behean sinatzen dugun gizarte‐mugimenduek, unibertsitateek, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek, bestelako erakundeek eta instituzioek hauxe adierazten dugu:

Aldi historiko batean gaude, zibilizazioaren krisialditzat har genezakeen aldian. Alderdi askoko krisia da, azken lau mendeetan mundu‐mailan nagusi izan diren balioak baititu oinarrian. Balio horiek gizartea antolatzeko eta arautzeko eratu duten sistema ahula da egituraz, desgobernua, desberdintasuna eta iraunkortasunik eza sorrarazten dituelako.

Horrela, bada, planetako herrialdeetako gehiengoak era askotako mendekotasunen sisteman bizi gara, maila eta era desberdinetan bizi ere. Bertan, kapitalismoa, patriarkatua, produktibismoa, kolonialismoa eta indar gutxiko demokrazia uztartzen dira; eta horiek bizitzaren ugalketa eta iraunkortasuna galarazten dituzte, edo eraso egiten diete bestela. Hortaz, ezinbestez gainditu behar dugu oraingo status quoaren muga, eta aurrera egin behar dugu gizartea antolatzeko molde askatzaileagoak lortzeko.

Orain, bidebanatze historikoa dugu aurrean, eta, hala, gerta daitekeenaren esparrua areago hedatzen da. Oraingo zibilizazioaren proiektuak –modernitate kapitalista eta patriarkalak– botere eta indar handia ditu oraindik; baina, hala ere, bertan zabaldu diren pitzadurak gero eta nabarmenagoak dira pertsona, erakunde, komunitate eta herri askorentzat. Horren ondorioz, berriz piztu dira eztabaidak: zer den ongizatea, ondo bizitzea, boterea, demokrazia, justizia eta zuzentasuna, eta, azken batean, zein motatako planeta eta gizateria nahi dugun erabakitze aldera. Hala, bada, oraingo zibilizazioaren logikari eutsi eta logika hori areago indartu nahi duten subjektuek beste subjektu batzuekin egiten dute eztabaida; bestelako agendak, bestelako parametroak eta guztiz desberdinak diren ikuspegiak lantzen dituzten subjektuen aurrez aurre jartzen dira. Ildo horretan, une estrategikoa da hau prozesu, ekimen, proposamen eta balio alternatiboak azaltzeko, eta politika‐, gizarte‐, ekonomia‐, genero‐, ingurumeneta kultura‐arloko justizia oinarritzat hartuta jarduteko.

Hala, bada, lehentasunezkoa da ikuspegi askatzailetik abiatuta agenda alternatiboak prestatzea eta gauzatzea. Agenda horien bidez, bestelako herri‐subjektu bat egituratu ahal izango dugu, oraingo sistemak botere‐, izan‐ eta jakintza‐aldetik berez dituen asimetria ugariak gainditu ahal izateko. Era horretan, aurrerapenean, mugarik gabeko hazkunde ekonomiko kapitalistan eta indar gutxiko demokrazian oinarritutako gizarte globalaren aurrez aurre, parametro berriak proposatu nahi ditugu: bizitzaren iraunkortasuna, aniztasunaren onespena eta egituraketa, parte‐hartze bidezko demokrazia, guztiona denaren eta erkidegoaren babesa, egunerokotasunaren politizazioa, eta egungo sistema eta ordenaren aurkako konfrontazioa.

Gizarte‐mugimendu askatzaileak agenda alternatibo horiek kokatzeko laguntza ematen duten subjektu estrategikoak dira (gara). Gaitasun handia lortu dute pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko molde berriak aurrez irudikatu, proposatu eta ezartzeko; eta, horren ondorioz, gizarteko gehiengo handien legitimazio gehien eskuratu duen talde‐ekintzako moldeetako bat dira. Ildo horretan, gizarte mugimenduek gainditu dute demokrazia liberal ordezkatzailearen tarte estua, eta modernitate kapitalista eta patriarkalaren identitate‐balioei aurre egiten dieten agenden eta kulturen alde egiten dute.

Sarritan modu erretorikoan izan arren, nazioarteko lankidetzak maiz eman du aditzera giza garapena eta iraunkortasuna hartzen dituela barne bere erreferentzia teorikoen artean. Hortaz, aukera horren arabera jokatu behar du. Ildo horretan, nazioarteko lankidetzak tresna askatzailea izan beharko luke, eta aukera eman beharko liguke agenda alternatiboek leku gehiago izateko, eta, era berean, agenda horiek babesten dituzten subjektu demokratikoei laguntza eta sostengua emateko. Zoritxarrez, Nazioarteko Lankidetzako Agenda Ofizialak, gehienetan, lehentasuna eman die Ipar Globalak dituen interesei, ezkutatuan gorde du pobreziaren eta asimetria globalen sustrai sistemikoa, ez ditu herritartasun globala eta baterako erantzukizuna bere oinarrien artean jaso, sustatu duen ikuspegiak fabore baten gisa aurkeztu du lankidetza –konpromiso moduan azaldu beharrean–, emaitza zehatzak lehenetsi ditu egiturazko eraldaketen gainean, partaidetza bere gisa erabili du helmuga jakin batzuk lortzeko, eta joera konformista duten eragileak hobetsi ditu. Nazioarteko lankidetza logika askatzaileei loturik egon dadin, sakon berraztertu beharko ditugu lankidetza horren balioak eta dinamikak.

Lankidetza osorik berraztertuz gero, orain nagusi den agenda gainditu, eta beste agenda alternatibo batzuk ezarri behar ditugu haren ordez, indar‐ideietan eta proposamen askatzaileetan oinarrituta dauden agendak. Hala, bada, bidebanatze historikoko oraingo unean, formula berriak behar ditugu nazioarteko lankidetzaren esparruan, zibilizazioaren krisia gainditu ahal izateko. Gainera, instituzio multilateralek pentsamendu eta praktika alternatiboa sortzeko zuten gaitasuna agortzen ari dela ikusita, gure ustez, ezinbestekoa eta egokia da proposamen berriak gizarte‐esparruan azal daitezen, mugimenduen, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, unibertsitateen eta mota guztietako gizarte‐erakundeen baitatik. Kontua ez da “agenda” eraikitzea, baizik eta agenda askatzaile asko sortzea. Ildo horretan, gure ustez estrategikoa den estrategia azaldu nahi dugu, nazioarteko lankidetza gizartemugimendu askatzaileekin lotzen duen agenda.

Horregatik, behean sinatzen dugun gizarte‐mugimenduak, unibertsitateak, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak, bestelako erakundeak eta instituzioak nazioarteko lankidetzako agenda alternatibo baten alde gaude; hona hemen agenda alternatibo horren ezaugarriak:

1. MUNDU MAILAKO ASIMETRIAK GUTXITZEA IZANGO DA JARDUTEKO IZANGO DUEN ESPARRUA. Azpigarapenaren eta pobreziaren esparru estuaren aurrean, nazioarteko lankidetzak ikuspegia zabaldu, eta asimetria globalak aurkitzeko eta gainditzeko aukera emango duen tresna izan behar du. Ildo horretan, lankidetzaren alde politikoak izan behar du lehentasuna, egituretan eragina izateko duen asmoa onartu behar da –betiere, eragina izateko dagoen benetako gaitasuna aintzat hartuta–, analisi dekoloniala hartu behar da barne oinarri sendo gisa, eta pobreziaren aurkako borrokak ez du helmuga izan behar, lankidetzaren ikuspegi nagusia baizik.

2. BERE ERREFERENTZIA ESPARRUA ZEHAZTEKO INDAR IDEIA ASKATZAILEAK HARTUKO DITU OINARRITZAT. Aurrerapena, indibidualismoa, hazkunde ekonomikoa eta indar gutxiko demokrazia bezalako balioen aurrez aurre, gure ustez, nazioarteko lankidetzak indar‐ideien eta balio askatzaileen inguruan zehaztu behar du bere erreferentzia‐esparrua, feminismoa, ekologismoa, sozialismoa, ongi bizitzea, dekolonialitatea eta beste proposamen alternatibo batzuetatik eratorritako ideiak eta balioak hartuta. Hona hemen ideia horiek zein diren: bizitzaren iraunkortasuna, aniztasunaren onarpena eta egituraketa, parte‐hartze bidezko demokrazia, taldearen eta erkidegoaren babesa, egunerokotasunaren politizazioa eta oraingo status quoaren aurkako konfrontazioa. Nazioarteko lankidetzaren benetako jardunak adierazten eta iragazten duena izango da erreferentziako esparru teoriko hori.

3. ASKATU BEHAR DIREN SUBJEKTUAK INDARTZEA IZANGO DA IKUSPEGIA. Nazioarteko lankidetzak ondotxo daki zein diren eragina izateko eta egiturazko aldaketak egiteko dituen aukera murritzak, eta, beraz, askatzeko indarra izan dezaketen subjektuen gaitasuna garatzeak eta indartzeak izan behar du bere ahaleginen ardatza. Gaitasun hori indartuz, askatzeko indarra duten subjektu horiek tokia zabal lezakete beren agendak sartzeko, eta, azken batean, aldaketak sorraraz litzakete, asimetria eragiten duten egitura, politika eta dinamika globaletan.

4. GIZARTE MUGIMENDU ASKATZAILEAK INDARTZEA IZANGO DA BERE AHALEGINEN ARDATZA. Subjektu estrategikoen aukera zabalaren barruan, nazioarteko lankidetzak lehentasuna eman beharko lioke gizartemugimendu askatzaileak indartzeari, agenda alternatiboen alde egiteko legitimazio gehien duen taldeko ekintza‐moldeetako bat delako. Era horretan, horien agenda, estrategia eta antolakuntzako kultura indartuz gero, aurrera egin ahal izango dugu, demokrazia, gizarteko mobilizazio, eztabaida politiko eta herri‐legitimazioaren arloetan.

5. ONARTU BEHAR DU MENDEKOTASUNETIK ASKATZEKO PROZESUAK DUEN IZAERA MULTIDIMENTSIONALA. Nazioarteko lankidetzak joera izan du jarduteko sektoreak murrizteko, lehenesteko eta zatikatzeko. Joera horren aurrez aurre, proposamen berriak argi onartu beharko luke mendekotasunetik askatzeko prozesuak eta bera lortzeko lehenetsitako subjektu estrategikoak indartzeak izaera multidimentsionala duela. Hortaz, lankidetzak barne hartu beharko du gizarteko mugimendu askatzaileen agendak, estrategiak eta antolakuntzako kulturak indartzearekin zerikusia duen guztia. Bestetik, tresna nazioartekoa denez –mundu‐mailako asimetriak gutxitzeko esparrua–, mundu osoan subjektua egituratzeak duen garrantzia nabarmenduko da.

6. IPAR‐HEGOA LOGIKA GAINDITUKO DU. Logika askatzaileen ondoriozko analisiak zibilizatzaileak, sistemikoak eta globalak dira, eta horrelakoak dira, era berean, egungo egoera gainditzeko dauden proposamen alternatiboak. Logika global horretan, nazioarteko lankidetzak ezin du premisa desberdinik finkatu geografiaren arabera, erronkak guztioi dagozkigulako. Hori gorabehera, bistan da desberdintasunak eta mendekotasuna daudela herrialde, lurralde, gizon eta emakumeen artean. Hain zuzen, errealitate horretatik abiatuta, jarduteko logikak eta gainditzeko estrategiak proposatu behar dira, guztionak eta mundu‐mailakoak diren helburuei erantzuna eman ahal izateko, era desberdinean eta asimetrikoan.

7. ESPARRU GLOBALA BALIOETSIKO DUTokiko eta estatuko laguntzari kalterik egin gabe, nazioarteko lankidetzak mundu‐mailako esparruari eman behar dio lehentasuna, alderdi horretan izaten baitira modernitate kapitalistako eragile eta logika esanguratsuenetako batzuk. Horiei aurre egin ahal izateko, herritartasun global kritikoa eraiki behar da, eta nazioarteko lankidetza ezin da errealitate horretatik kanpo gelditu. Ildo horretan, bereziki nabarmendu beharko ditu gizarteko mugimendu askatzaileen nazioarteko eta eskualdeko sareak, eta, orobat, lehentasuna eman beharko dio Ipar Global eta Hego Globaleko subjektuak eta eragileak baterako estrategietan antolatzeko prozesuari.

8. ELKARRIZKETA HORIZONTALA, IREKIA ETA BALDINTZARIK GABEKOA SUSTATUKO DU. Finantziazioko sistema exaktiboak ezarri nahi ditugu, konpromiso ekonomiko esplizitu, lotesle, planifikatu eta egonkorretan oinarrituta dauden sistemak. Horrez gain, behar bezala bermatu nahi dugu izaera eratzailea eta burujabea duten negoziazioko guneak egongo direla, eztabaida irekiak, osokoak eta aurretiazko baldintzarik gabekoak abiaburutzat hartuta.

9. ITUN POLITIKOA IZANGO DA ERAGILEEN ARTEKO HARREMANEN OINARRI NAGUSIA. Ituna partekatutako erantzukizun politikoa da, baterako helburuak ezartzen eta zeregin bereziak zehazten baititu, bakoitzak duen kokapenaren arabera. Itunak lehenesten eta sorrarazten dituen harremanek konfiantza, hurbiltasuna eta elkarrekiko ulermena izan behar dituzte oinarrian. Hala, bada, itunaren bidez, emaile‐hartzailearen eta alderdi‐kontrako alderdiaren logika gainditu, eta dinamika horizontalagoak finka daitezke.

10. EGITURAZKOA IZAN NAHI DUEN ESPARRU TEKNIKO INSTRUMENTAL BERRIA SORTU BEHAR DU. Agenda alternatiboaren espiritu politikoak arlo teknikoa eta administratiboa ere hartu behar ditu barne. Ildo horretan, epe laburrean berehalako emaitzak bilatzen dituen logika gainditu behar da – eta horri forma ematen dion esparru teknikoa eta instrumentala ere bai–, eta epe ertainera eta luzera zuzenduta dauden tresna berriak behar dira. Tresna horiek aldian behingo analisi politikoa sustatuko dute, subjektuak indartzeak duen multidimentsionalitatea onartu eta bultzatuko dute, eta aukera emango dute helburuak eta dinamikak malgutasunez zehazteko.

11. LOGIKA ASKATZAILEAREKIN BAT DATORREN ADMINISTRAZIOKO ARRAZOIA HARTUKO DU BARNE. Gardentasunari kalterik egin gabe, administrazioak ez du harresi bat izan behar, gizarteko mugimenduak nazioarteko lankidetzan sar daitezen eta parte har dezaten galaraziko duen harresia. Horren ordez, administrazioak subjektu horien errealitatera eta logika askatzailera egokitu behar du. Ildo horretan, alde batetik, konfiantza, soiltasuna eta malgutasuna ezarri behar dira kudeatzeko dinamiken oinarrian; eta, bestetik, sartzeko baldintzetan, lehentasuna eman behar zaie alde politikoei, alde tekniko eta administratiboen gainetik.

1 comentario en “ADIERAZPENA

  1. Pingback: Recogida de adhesiones / Adierazpenarekin bat egiteko | Movimientos sociales y cooperación crítica

Deja un comentario